Gure Esku Dago logo

Herritarron Ituna aurkeztu du GEDek eta giza katean parte hartzeko azken deia egin du

100.000 izen-emateen langa pasata, dinamikak nabarmendu du helburua gutxiengo horretatik harago joatea dela: “ziur gaude euren etorkizunaz hitza hartu nahi duten herritarrak askoz ere gehiago direla”


2018-07-11

Biharko giza katea osatzeko gutxienez 100.000 lagun behar genituela esan genuen. Eta gaur esan dezakegu, gainditu dugula kopuru hori. Gaur esan dezakegu herritarrok beste behin ere erakutsi dugula gai garela geure buruari ezartzen dizkiogun erronkak gainditzeko. Helburua harago doa, ordea. Ez gara gutxienekoekin konformatzen. Milaka eta milaka herritarren erabakitzeko borondatea erakutsi nahi dugu bihar, eta ziur gaude euren etorkizunaz hitza hartu nahi duten herritarrak askoz ere gehiago direla. Beraz, azken deialdi bat egin nahi dugu biharko giza katean parte hartzera. Berdin dio izena eman ala ez, eman diezaiogun eskua elkarri eta bete ditzagun kaleak!

Biharko eguna ez da soilik izango mobilizazio erraldoi bat, giza katean erakutsiko dugu milaka garela burujabe izan nahi dugun herritarrak, eta milaka arrazoi ditugula erabaki nahi izateko. Hain zuzen, arrazoi horien gainean eraiki nahi baitugu etorkizuna. Bihar Herritarron Ituna plazaratuko dugu; Donostiatik abiatu eta Gasteizera ekarriko dugu, eskuz esku, Eusko Legebiltzarraren atarira. Hemen dugu Herritarron Ituna. Herriz herri eta auzoz auzo egindako hamaika dinamika parte hartzaileen emaitza. Erabakiaren bidean herritarrok bertan, Euskal Herrian, esparru anitzetan erabaki nahi izateko ditugun 2019 arrazoiren bilduma. Herritarrok idatzia. Eta hau lehen zirriborro bat, aurrerapen bat, besterik ez da. Datozen asteetan borobildu eta itzuliko dugu osorik eta irakurgai jarriko dugu sarean.

Hilabeteetako prozesu baten emaitza da Herritarron Ituna. Arloz arlo, herritarrok erabakitzeko ditugun arrazoiak jaso ditugu. Arrazoi ugari eta anitzak, desberdinak diren arren, guztiek dute muinean erabakimenaren auzia. Uste dugu ariketa demokratiko hauen bidez ezin hobeto irudikatzen ari garela elkarrekin eraiki nahi dugun herria. Eta uste dugu erabakitzeko ditugun adina arrazoi ditugula egiten ari garen bideaz harro egoteko. Egunetik egunera gehiago gara herritar ahaldunduak, herri burujabe baterantz pausoak ematen ari garenak.

Horregatik, eta 2019 baino askoz ere gehiago direlako hitza hartu nahi izateko motiboak, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katea osatzeko erabiliko ditugun zapietan herritarron erabakitzeko arrazoiak erakutsiko ditugu. Hurrengo asteotan herritarrok ordezkatzen gaituzten erakundeei, hala nola, Gasteizko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari helaraziko diegu itun hau, herritarron hitza kontuan har dezaten. Eta herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izateko baldintzak sortzen segiko dugu, elkarlanaren bidetik. Erabakitzeko eskubidearen aldeko Herri Ituna sustatuko du Gure Esku Dagok, elkarlanerako sare iraunkorra, nork bere ekarpena egin dezan erabakiaren bidean.

Ez gara nekatuko errepikatzeaz erabakitzeko eskubidea gauzatu arte lanean jarraituko dugula. Konpromiso eta determinazio hori erakusteko eguna izango da biharkoa. Galdu ezinekoa. Esker bereziak eman nahi dizkiegu biharko eguna posible izan dadin lanean ari diren boluntario guztiei. Zuek zarete herri honen altxorrik preziatuena. Bejondeizuela!

Gure Esku Dago Twitter-en